Asgarth 1997. urtean sortu zen, Donostiako Añorga auzoan. 1999an, zazpi abestiz osaturiko lehen maketa ekoiztea erabaki zuten Bilboko Rock Studios grabazio estudioan, Carlos Creator ekoizle eta teknikariaren gidaritzapean. Lehen grabazio horri esker (Jainkoen Egoitza), taldeak erantzun ona izan zuen zenbait musika lehiaketatan, Euskadi Gazteko IX. Maketa Lehiaketan, entzuleen saria eskuratuz. Azken lorpen horri esker Añorgakoek sekulako arrakasta izan zuten gazteen artean. Ondorioz, IZ diskoetxearekin sinatu zuten, eta Jainkoen egoitza (IZ, 1999) Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan aurkeztu zuten.

Bigarren diskoa ere (Etorkizunaren Sustraia), Carlos Creator-en gidaritzapean grabatu zuten Amasako IZ estudioetan. Bigarren lan horrekin, Asgarth-ek arrakastari eutsi ez ezik areagotu egin zuen. Hala, 2000 eta 2001 bitartean 60 kontzertutik gora eman zituzten.
2002. urteko irailean grabatu zuten hirugarren diskoa (III), GOR diskoetxe berriarekin. Ordura arteko helduena, Juanan eta Javi San Martin anaien gidaritzapean. Ordurako euskarazko heavy metalaren eta Asgarth izenaren sua itzaltzen hasia zen. Egoera horren ondorioz, taldeak atseden hartzea erabaki zuen, aurrera begira zer egingo zuten erabakitzeko.

2004. urteko udan, Iban Fernandezek taldea utzi eta Unai Corralek (Utikan, U.K.BILL) hartu zuen haren lekua. Ilusioa berreskuratu nahian, 2005eko abuztutik irailera bitartean rock estilo handiagoko lan bat osatu zuten (Garrasia).
GOR zigiluarekin ez ziren ados jarri, eta, azkenik, EDG Music diskoetxearekin elkarlanean kaleratu zuten. Aurreko lanekin gertatu ez bezala, ez zuen arrakasta nabarmena lortu.2007ko irailaren 1ean, gorabeheraz betetako hamar urteko ibilbidea amaitu zuen Asgarthek, Añorgako gaztetxean. 2020an, 13 urteko isiltasunaren ondoren eta indarberriturik, beren itzulera iragarri zuten, baina pandemiaren ondorioz bi urte luzatu zen itzulera. Hau, 2022ko maiatzean gauzatu zuten, lehen utzitako leku berean, Añorgako zine zaharrean.

Pandemiak ordea, itzulera kontzertua atzeratu arren, musika berria egiteko denbora eman die Asgarth taldekoei. Hala, 2022ko abenduaren 2an kaleratu dute beraien bosgarren lana den ‘Zeldatik’ izeneko diskoa.